XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikasleengandik espero daitekeen erantzuna erresistentzia txikiagoa duen bonbilak gehiago argituko duela esatea da, hori gertatzen baitzen paraleloan. Eta ez da hala.

Garbi dago bi bonbiletatik korronte bera, karga berak pasatuko direla, seriean baitaude, adar bakarrean.

Baina bietako zeinetan xahutuko dute kargek heren energiatik (pilak emandakotik) zati handiagoa? Ala erdibanatu egingo al da energia?

Bonbila desberdinak izanik erresistentzia desberdina izanik, ez dirudi energia erdibanatu egingo denik, baina ikasleek ez dute energi zati handiagoa non utziko den jakiteko modurik.

Orduan, zirkuitua muntatu eta erresistentzia handiagoko bonbilak gehiago argitzen duela ikusi beharko da. Zergatik? Bada, dirudienez, bonbila horretan kargek energia gehiago xahutzen dutelako bestean baino.

Baina hori egiaztatzeko, esan bezala, kargen energia hori, voltajea, definitu behar dugu, eta voltimetroarekin neurtzen ikasi.

Voltimetroa bi puntu horien artean kokatu beharko da, paraleloan, elementu horren (bonbilaren) bi borneen artean, adar paraleloa osatuz.

Adar paraleloan kokatzen bada, adar horretatik korrontea ibiltzerik nahi ez badugu, erresistentzia oso handia izan beharko du.

Bestela, voltimetroa zirkuituan kokatzeagatik aldatu egingo litzateke zirkuitutik dabilen korrontearen intentsitatea, eta hori desegokia da; neurgailuek ez dituzte neurtu behar diren magnitudeen balioak aldatu behar.

Elementu bakoitzaren ezaugarri energetikoak argi uzteko, voltimetroa elementu desberdinen borneen artean kokatuko dugu (hauek banatuta daudelarik, hots, zirkuitua osatu gabe).

Bonbilaren, erresistentziaren edo kableen muturren artean konektatuztakoan ez du ezer adieraziko, eta sorgailuaren muturren artean bai.

Horrek esan nahi du sorgailua dela kargei energia ematen dien elementu bakarra (voltimetroak energia horren balioa neurtzen du), eta besteek kargen energia xahutu egiten dutela (beste era bateko energia bihurtuz).

Beraz, sorgailurik gabe, kargei energia emango dien eta martxan jarriko dituen elementurik gabe, beste elementuetatik ez da kargarik ibiltzen.

Baina sorgailua duen zirkuitu batean daudenean, bai. Orduan sorgailuak martxan jartzen ditu kargak eta energia ematen die, eta kargek energia galtzen dute bonbilan edo erresistentzian (argi-energia eta barne-energia bihurtzen da), eta galdutako energiaren balioa da voltimetroak adierazten duena.

Kablean, aldiz, ez. Zirkuituan dagoen kable baten bi muturren artean Voltimetroa kokatuz gero, ez du ezer adieraziko.

Horrek esan nahi du kabletik pasatzean kargek ez dutela energiarik galtzen.

Beti bezala, ikasleek zirkuituaren eskema marraztuko dute zirkuitua muntatu eta voltimetroarekin neurketak egin baino lehen. Lehentxeago ikusi den arren, batek baino gehiagok ez du voltimetroa paraleloan kokatuko.